Metodologia

 

Metodologia-printzipio hauetatik abiatuta lortuko dira helburuak:

    • Ikaskuntza esanguratsua: eduki berriak eta prozedurak ikasleak dakienarekin uztartu behar dira, eta eduki horiek egoera berrietara aplikatu.
    • Ikasleek izan behar dute euren garapenaren protagonista nagusiak: ikasleek gai izan behar dute erabakiak hartzeko, denbora antolatzeko eta beren lana ebaluatzeko.
    • Gaitasun guztiak garatzea (kognitiboak, afektiboak, adierazpenekoak, mugimenari lotutakoak eta sozialak) izango da ikaskuntzaren helburu nagusia, aldian aldiko beharrizanak eta konpetentzia guztiak kontuan hartuta.
    • Ikasten ikastea sustatuko da, ikasleak bizitzan zehar ikasten jarraitzeko gaitasunak garatzeko.
    • Ikaslearen lan autonomoa hobetsiko da, horrek lagunduko baitio bere buruari galderak egiten eta hainbat informazio-iturri erabilita erantzunak bilatzen.
    • Ikasteko eta lana antolatzeko teknikak eskainiko zaizkio ikasleari, horrela lortuko baitu ikaskuntza-prozesuan egiten dituen ahaleginak eraginkorragoak izatea.
    • Aniztasunari erantzuteko, ikaskuntza integratzailea: Horretarako, tutore bakoitza, ikasleen ezaugarriak eta haien arteko aldeak zein diren antzeman, eta haien premiei erantzuten saiatuko da, tratamendu prebentiboaren bidez eta curriculumak egokituta. Tutoreek, orientatzaileekin batera, ezarriko dute tutoretza-lanak zer funtzio eta helburu dituen etapa bakoitzean, eta zer baliabide erabiliko diren.
    • Talde-lana bultzatuko da, bai irakasleen, bai ikasleen artean, lanean koordinazioa eta lankidetza bultzatzeko, ikaskuntza eraginkorragoa izateko, eta prozesuan parte hartzen duten guztien asebetetze-maila igotzeko.
    • Euskara-maila ona lortzeko, baliabide eta didaktika egokiak eskainiko zaizkio ikasleari, hizkuntza bere eginda komunikatzeko eta harremanetarako modu naturalean erabili dezan.

 

 

DENBORAREN ANTOLAKETA

Ikasleen denbora osoa jotzen dugu hezteko denboratzat; izan ere, ikasleak bere ezagutza esperientzien bidez eraikitzen du. Beraz, ikasleak zeregin akademikoetan erabiltzen duenaz gain, aisialdia ere bada hezkuntza-denbora.

Denboraren banaketak malgua izan behar du, eta hezkuntza-helburuen eta giza baliabideen nahiz baliabide materialen zerbitzura egon behar du.

Eskola saioaren denbora honela antolatuko da: aurkezpena, “denbora tartea”, jarduera nagusia eta itxiera (metakognizioa).

Arlo guztietan, asteko eta egun bakoitzeko denbora banatzeko, honako zeregin hauek hartuko dira kontuan: aurkezpen-azalpenak, lan pertsonala, talde-lana, zuzenketak...

DBHn, ikasleak ez dira egoten batera arlo guztietan, aukera baitute haietako zenbait aukeratzeko. Bada, DBHn ere, aurreko puntuko zereginak bideratzeko moduan diseinatuko da denboraren banaketa.

Ordutegiak egiterakoan, kontuan hartuko da biltzeko tarte bat izan behar dutela lanak elkarrekin egin eta erabaki bateratuak hartu behar dituzten irakasleek.

Irakasleak denbora behar du programaziorako, eskolako zereginak eta materialak prestatzeko, talde jakin batzuetan egokitzapenak egiteko, gurasoekin hitz egiteko...



ESPAZIOEN ANTOLAKETA
 

Espazioen antolaketa malgua izango da, eta ikasle-talde bakoitzaren premia, interes eta ahalmenei egokitua.

Espazioari berebiziko garrantzia ematen diogu, ikasleen arteko harremanak errazteko eta giro ona sortzeko ezinbesteko baldintzatzat hartzen dugulako.

Giroa, gure ikuspuntutik, ikaskuntzaren testuingurua da. Beraz, hezkuntza-espazioak ez dira eratuko eredu bakarraren arabera, baizik eta ikasleen eskaerei moldatuta.

Ikasgela antolatzerakoan, ezinbestean hartuko dira kontuan hauek:

    • Ikasteko beharrei egokituta banatu behar da espazioa.
    • Espazio interaktiboak sortu behar dira, elkarlana eta ikasleen arteko elkarreragina sustatzeko.
    • Ikasgela espazio didaktikotzat jotzen dugu, eta indartu behar dugu balio hori. Horretarako, zeregin hauek bideratzeko moduan antolatu behar da: lanen aurkezpenak eta azalpenak, ikasleek beren ideiak zabaldu eta partekatzea (edozein delarik ere euskarria: ikus-entzunezkoa, ahozkoa, idatzizkoa…), ikasteko objektuak era autonomoan erabiltzea (liburuak, mikroskopioa, asmakizunak edo proiektuak…) eta ikasleak naturarekin kontaktuan egotea.
    • Espazio erosoa eta atsegina sortu behar da guztiontzat; espazio bizia, etengabe eraikitzen eta egokitzen joango dena: aniztasunari erantzungo diona, sormena piztu eta askotariko adimenak eta ikasleen trebetasunak indartuko dituena.
    • Konpetentzia digitala garatzen laguntzeko, IKTen erabilera sustatuko da.
    • Besteak beste, honelako jarduerak egingo dira: informazioa sarean bilatu, bideoak eta baliabide interaktiboak ikusi, material digitalak egin eta lanak aurkezteko diapositibak eta bestelako tresnak erabili.

 



Additional information